XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IV. ONDORIOA: PROPOSAMEN TEORIKO-OPERATIBOA

Esan dugun guztiak indarra galduko du hezkuntz ihardunean, barnetegi bakoitzak garapen berezia daukalako, bere baitako itxiduran baitago beren oinarria.

Hala ere, landu ditugun diskurtsoek (muturrekoenak, analisiak hala behartuta, eta horixe delako ere hizkuntzaren mundutik sortzen ari diren errealitate berriak agerian uzteko modu bakarra) gaingiroki definitzen dituzte AEKko irakaslegoaren profila eta barnetegietako euskararen ikaskuntzarekiko irakaslegoak dituen eraginak eraikitzeko ardatzak.

Honako artikuluaren hasieran azpimarratu egin dugu eragile bi daudela, eta eragile bi hauek gai direla ikaslegoarengan eragin praktiko-sinbolikoa sortarazteko: irakaslegoa (jadanik aztertua), AEKren barnetegi eredua.

Azken hau ikertzeak erakunde honek euskalduntzearen osotasunean zer suposatzen duen sakontzea eskatuko luke, eta ez da hori egiteko tenorea.

Hala ere, nabaria da AEKk hizkuntz eta kultur errealitateari buruzko irudi multzo zehatz bat darabilena, inondik inora ere multzo posible bakarra ez dena.

Orohar eta publizitateak berak adierazten duen legez eredu honek hiru oinarri dauzka:


a) herri txikiak, sozializazio sinbolikoaren inguru ideala bezala;
b) talde txikiak, inguru horretara sartzeko leku egokia bezala;
c) erakunde euskalduntzailea, bata eta besteen arteko kontaktua ondo egiteko baliabide bezala hartua.

Gure ustetan, eredu hau funtsean ikaslegoak dituen xedeekin bat dator, bai eta irakaslegoak hizkuntzaren errealitateaz dituen irudiekin ere, eta hortik datorkio eraginkortasun didaktikoa.

Baina egungo euskalduntzean diharduten joerek hastapen hauen berregokitzea gomendatzen dute, AEKko barnetegiek mintza-ildozko jarreren ikaskuntz igurikapenak bete ahal izateko, azken hauek muturrekoak izan arren (ikus III. Taula) jadanik presente daudelako.

Beste modu batean esanda: euskalduntzearen egungo eraketak ahalbidetzen du ikaslegoa bere ingurunean sozializatzea:

ingurune horretako erreferentetzat ez da soilik hartuko imitatu beharreko egoera bat (birsortu beharreko kanpoko erreferentzia bat); hiri-subjektuentzat hizkuntzaren gune den instantzia, hots, ikaskuntz taldea (barne erreferentzia dena) ere hartuko da.